Patricia Lopez Arnaizek irabazi du aktore onenaren Besarkada saria

Baliabide mota
BERRIA
Zer lantzen da?
IRAKURMENA
Egiletza
KANPO BALIABIDEA

Patricia Lopez Arnaizek irabazi du zinemako emakumezko aktore onenaren saria Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) antolatutako XXI. Besarkada sarietan, Los domingos filmean egindako lanagatik. Sari banaketa gala astelehenean egin dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Kepa Errastiren eta Hodei Arrastoaren zuzendaritzapean eta umorea ardatz. Lopez Arnaizek Miren Gaztañaga (Azken erromantikoak), Olaia Aguayo (Jone, batzuetan) eta Yune Nogueiras (Gaua) izan ditu lehiakide kategoria berean.

Zinemako sari nagusiaz gain, EABek antzerkiko, fikziozko telesailetako eta zinemako beste hainbat interpretazio aitortu ditu urteroko hitzordu bihurtu den edizio berri honetan. Ekitaldiko une hunkigarrienetako bat Iñake Irastorza aktore oriotarraren omenaldia izan da; elkarteak Ohorezko Besarkada saria eman dio bere ibilbide luzeagatik eta “lanbidearen alde egindako borrokagatik”. Antzerkian zein zineman (Aupa Etxebeste!, 80 egunean, Gaua) egindako ekarpen zabala goraipatu nahi izan dute sari honen bitartez.

Fikziozko sailean Nagore Aranburuk (Querer) eta Arnatz Puertasek (Argi gorriak) eskuratu dituzte aktore onenaren sariak, zineman Jose Ramon Soroizek (Maspalomas) eta antzerkian Ainara Gurrutxagak (Itzulera) eta Kepa Errastik (Desobedienteak 18/98). Nerea Sanz eta Omar Somairentzat izan dira errebelazio sariak.

Victoria Eugenia antzokian ospatu dituzte Besarkada sariak. EAB

Data: 2026-11-17 15:33:00

Jatorrizko edukia: https://alea.eus/araba/1794929985180-patricia-lopez-arnaiz-besarkada

Egiletza: Arabako Alea

Erlazionatutako edukia

Ez da emaitzarik aurkitu.